POU ANAIAK

1631
1607

7 HORMA 7 KONTINENTE

Amets baten atzetik

Ipar Amerika

Pou anaiek ez zuten batere zalantzarik egin “7 horma 7 kontinente” proiektua non hasi erabakitzeko garaian. Kaliforniako Yosemite bailarak munduko granitozko horma onenak ditu zailtasuneko eskalada librea egiteko. El Capitán horman, El Niño bideko 1.000 metroak egin zituzten, 8b mailako zailtasunak gaindituz. Norbaitek bide hori estilo librean eskalatzen zuen bigarren aldia izan zen. Haientzat Yosemiten eskalatzen zuten lehen aldia zen eta proiektua ezin hobe hasi zen beraz. El Niñok bide berri bat markatu zuen Pou anaientzat. Oraindik ere El Capitáneko pitzadurak, diedroak eta sabaiak Ikerrek eta Enekok inoiz eskalatu dituzten onenak dira .

Kontinentea: Ipar Amerika
Mendia/Eskualdea: El Capitán, Yosemite bailara.
Ibilbidea: El Niño, 8b, 850 m. 2. igoera libre modalitatean, 2003-06-19

Europa

Ipar Amerikatik Europara. El Niñoko granitoan zehar egindako eskalada akrobatikotik El Naranjo de Bulnesko kareharrirako teknikara. Proiektuko bigarren etapak lehengoa gainditu zuen, hori posible bada. Zunbeltz bidea espero baino azkarrago askatu zuten. Zortzigarren mailako luzeen zailtasun itzelaz gain esposizio-dosi handiak ere egon ziren. Picu-ren mendebaldeko aurpegian, Iker eta Enekok beren segurtasuna jokoan jarri zuten, zentzu onaren mugen barruan. Nolabait aseguratuta dauden 12 m baino gehiagoko erorialdiak. Bi hilabeteko prestaketa eta 3 eguneko eskalada ibilbideko 500 metroak aldi batean egiteko. Ahalegin handi horri esker lortu ahal izan zuten igoera, eta gaur arte, bost urteren ondoren ere, beste inor ez da ahalegindu bide hori modalitate librean egiten. Akaso luze horietan sentitutako beldurrak oraindik ere bertan jarraitzen du, hurbiltzen den oro ikaratuz.


Herrialdea: Espainia
Mendia: Picu Urriellu (El Naranjo de Bulnes)
Ibilbidea: Zunbeltz, 8b+, 500 m. 1. igoera libre modalitatean, 2003-10-11

Afrika

Madagaskarren dena desberdina izan zen. Afrikak markatuta uzten du bisitatzen duen edonor. Argia, paisaiak, jendea, bai eta granitoa ere, bereziak izan ziren. Tsaranoro eskalatzea eta malgaxeekin bizitako egunak proiektu osoko oroitzapenik ederrenak dira. Egunsentian hamakan etzanda ikusitako argi-ikuskizuna eta koloreak beren erretinetan gordeta gelditu ziren. Bata bestetik urrun kokatutako aseguruek eta eskalatzean bizitako bakartasunak haien konpromisoa handitu zuten. Bravo les Filles bideak Afrikar kontinenteko bide zailena izaten jarraitzen du. Ez dute beste inon hainbeste gozatu kirol-mailan, eta batez ere pertsona bezala. Afrika lezio ahaztezina izan zen.


Herrialdea: Madagaskar
Mendia: Tsaranoro
Ibilbidea: Bravo les Filles, 8b, 600 m. 1. igoera libre modalitatean, 2004-07-11

Ozeania

Hirugarren urtean, proiektua sona handiagoa lortzen hasi zen. Bitxia bada ere, proiektuko eskalada errazenarekin gertatu zen hori. Tasmaniako irlara bidaiatzea eta Totem Pole eskalatzea txikitako amets bat betetzea izan zen beraientzat. Eneko Totem Pole horma itsasoko olatuen ondoan eskalatzen hasten erakusten duten irudiek dena esaten dute. Teknikoki ez zen eskalada zaila izan Iker eta Enekoren mailarako, baina inongo zalantzarik gabe eskalada zirraragarrienetako bat izan da. Horma horrekin proiektuaren ekuatorea atzean utzi zuten.

Herrialdea: Tasmania
Horma: The Totem Pole
Ibilbidea: Free Route, 7b, 65 m. Estatuko lehen igoera, 2005-02-13

Asia

2005ko udan Pou anaiek beste amets bat bete zuten. Trangoko Izenik gabeko Dorrean dagoen Eternal Flame bide mitikoa helburu finkoetako bat izan zen hasieratik. Dorrearen beraren edertasuna, bidearen pedigria eta proiektuari alpinismoaren erronka gehitzea oso ezaugarri erakargarriak ziren. Anbizio handiko proiektua zen eta emaitza bikaina lortu zuten: munduko dorre ederrenaren tontorrera iristea eta zortzigarren maila bat Karakorumen, 6.000 metrora, egitea. Esperientzia horrek proiektuaren norabidea aldatuko zuen. Alpinismoaren aldeko apustuak ez zuen atzera bueltarik izango.

Herrialdea: Pakistan
Mendia: Trangoko Izenik gabeko Dorrea
Ibilbidea: Eternal Flame, 8a, 1.200 m. ‘Pou ordezko bidearen’ irekiera, 2005-07-29

Hego Amerika

Patagonian saririk gabeko lanaren samina ezagutu zuten. Baina zuzentasunez jokatzen dutenen eta etika kirol-emaitzen gainetik jartzen dutenen saria eskuratu zuten. Bost aldiz, bost, saiatu ziren Fitz Roy-ra igotzen Vía Francoargentina bidetik eta haizeak eta ekaitzek bost saiakerak ere zapuztu zituzten. Lezioa ikasi ondoren 2007ko urtarrilean itzuli ziren. Astebete baino denbora laburragoan, Gasteizko etxean egotetik Fitz Roy-aren tontorrera egotera igaro ziren. Supercanaleta eta Patagoniako klima latza izan ziren alpinismoaren mundu gogorrean sartzeko azken azterketa.

Herrialdea: Argentina
Mendia: Fitz Roy
Ibilbidea: Supercanaleta, 6c/ 90º/ M5+, 1.800 m. Estatuko bigarren igoera, 2007-01-06

Antartika

Proiektuaren barnean ikasgai bat zegoen oraindik gainditzeke: ibilbide berri bat irekitzea. Kontinente bakarra gelditzen zitzaien: Antartika. Sei kontinenteetan lortutako esperientzia lagun, proiektuko espedizio zail eta osoenari ekin zioten. Proiektuari amaiera ezin hobea emateko, Drake igarobide beldurgarria zeharkatu, 65. hego-paraleloraino nabigatu eta kontinente zurian kokatutako Zerua Peak mendi birjinan Azken Paradisua bidea ireki zuten.

Kontinentea: Antartika
Mendia: Zerua Peak
Ibilbidea: Azken Paradisua, 7a/ 90º/ M6, 760 m. Irekiera eta lehen igoera, 2008-12-24/25

7 HORMA 7 KONTINENTE

EUSKO JAURLARITZA GOBIERNO VASCO

Patrocinio de la Viceconsejería de Política Lingüística del Departamento de Educación, Política Lingüística y Cultura