POU ANAIAK

1635
1607

PANAROMA

Munduan eskalatu den sabairik handiena

The Hardest of the Alps

2010eko udan, Iker eta Eneko Pouk sona handieneko ibilbideak bisitatzea erabaki zuten. Alpeetara bidaiatu zuten beren karabanan, eskalada betirako aldatuko zuten mitoak ezagutzeko. Manolo Zanola, Alex Huber eta Beat Kammerlander-en urratsei jarraituta, Alpeetako horma handiko eskaladaren historian ospe handiena eskuratu duten ibilbideetako batzuk errepikatu zituzten: belaunaldi berriei bide egingo zieten ibilbideak alegia.

Panaroma Dolomitetako horma handiko ibilbide super gogorra da. Alex Huber-ek 2007an irekitako bide horrek 8C arteko zailtasuneko igarobideak ditu eta aseguruak oso urruti daude elkarren artetik. Ibilbideak Lavaredoko mendebaldeko tontorraren ipar-aurpegian dagoen sabai handia zeharkatzen du.
Panaromaren igoeraz hitz egitean, Enekok esan zuen:

Panaroma Alex Huber-en marka bereizgarria dauka: ibilbide zaila da, arroka “deskonposatuan” zehar doana, eta heldulekuak ez dira beti fidagarriak… Huber anaiak beti izan dira erreferente gure kirol-ibilbidean. Geure burua begiratzeko ispilu bat. Zerbait berria ez dugunean egin, haien bideetako bat errepikatzen saiatu gara, beti izan ohi baitira zailak, ederrak eta esposizio handikoak.

Pou anaiak 3 egunetan eskalatu zuten ibilbidea, erabat estilo librean igotzea lortuz.

Lehen bost luzeak poliki igo genituen, ez baikenuen esperientzia handirik mota horretako arrokan eta esposizio handiko eskalada bat zelako (Panaroma Dolomitetan eskalatu dugun lehen ibilbidea izan da). Lehen zatia igo eta gero, ondorioa argi zegoen: hobe ez erortzea! Tontorrera iritsi eta ikuspegi eder batez gozatzen ari ginenean, gure ondorioa bestelakoa zen: horma-ibilbide itzela da, oso ikuspegi futuristaduna!

OSTEGUNA, 2010EKO UZTAILAK 13-15
Astearterako ekaitzak iragarrita daude eta aurreko bi egunetan oso ekaitz bortitzak egon dira eguerdiko 13:30etik aurrera. Horregatik, iratzargailua goizeko 5etara aurreratzea erabakitzen dugu, 7etan eskalatzen hasteko. Asmatu dugu: gainera ordu horietan eguzki pixka bat ematen du ipar-aurpegian! Hiru ordu baino pixka bat gutxiago behar izan dugu sabai handiraino doazen bost luzeak egiteko eta eguneko lehen oztopo seriorako prest gaude orain, 60 m eta 8b+ mailako luzea egiteko alegia. Ez da luze motarik onena Ikerrentzat, berak motz eta gogorrak direnak nahiago baititu, baina biok ziur gaude ondo atera daitekeela. 45’ geroago denborak arrazoia ematen digu. Luzea lehen saiakeran egiten du, nahiz eta ibilbide handi honetako ertz guztiak oso bustita dauden.

8c-aren txanda iristen da. Printzipioz, gogorra hori da, baina beldur gutxiago diogu, Ikerren estilokoa delako: motza eta esplosiboa, okertua eta airean zintzilikatzekoa.
Lehen saiakeran konturatzen gara azken egunean ez genituela xehetasunak behar bezain beste zehaztu… Hori da indartsu egotearen arazoetako bat: indar gehiago duzunean metodo gogorragoak erabiltzen saiatzen zara bideak egiteko. Ez da ezer gertatzen; beste ordubetez itxaron beharko dugu bigarren saiakera egin aurretik. Badirudi oraingoz ez duela euririk egingo. Ordubete geroago, berriro erortzen da… Sistema hau gogorregia da eta beste bat bilatu beharko dugu. Ordubeteko atsedenaldia berriro ere… Hirugarren saiakera: Iker azken mugimenduan erortzen da… Kemen handia erakutsiz, beste behin ere saiatzea erabakitzen du. Oraingoan badirudi aurkitu duela sistemarik errazena. Laugarren saiakera: askoz ere beherago erortzen da. Oin bat irristatu zaio… Argi dago: luzea gogorra da eta nekea nabaria da, batez ere eroriko perfektu bat hemen goian gainditu ondoren. Berdin du: berriz saiatuko da. Bosgarren saiakera! Lortzen badu, ia segurua da ekaitzak harrapatuko gaituela. Zerua asko belztu da eta gora egiten badugu, bustitzeko aukera handiak ditugu. Behetik, Unai Mendia eta José Zabalza, atzo iritsitako bi eskalatzaile nafar indartsu, animoak ematen ari zaizkigu.Une honetan Iker ez dago indarrez gainezka, baina guri gogoa, motibazioa eta ohorea ez zaizkigu inoiz falta. Sistema berriak funtzionatu du eta poz-garrasi artean iristen da bilgunera!
Bagoaz goraka! Unaik eta Josék ezin dute sinetsi. Zerua tximista-ekaitz batekin mehatxatzen ari da argi eta garbi. Gainera, “teknikoki” bidea bertan amaitzen da, erorikoaren ondoren… Baina gu ez gaude konbentzituta: baliteke Panaroma bertan amaitzea, baina egia da Alexek ez zuela bidea tontorreraino ireki tarterik ez zuelako. Guretzat horrek esan nahi du gora egin beharko dugula, igoera honetan “10” bat nahi badugu. 6c+ mailako beste bi luze eta Cassin-Rati bidera iristen gara (mendebaldeko tontorraren ipar-aurpegiko lehen bidea). 18:15 dira. Zer egingo dugu? Ekaitza gainean dugu eta oraindik 12 luze eta 300 m inguru geratzen zaizkigu. Gutxi gorabehera 3 argi-ordu gelditzen dira eta ez dakigu zer daukagun aurretik eta are gutxiago jaisteko.
Lotan gelditzeko aukera aztertzen dugu. Abantailak: atseden hartzen dugu, leher eginda baikaude, eta ekaitzetik babesten gara erlaitz txiki honetan. Aldi berean, egunez ez iritsi eta lo egiteko erlaitzik ez aurkitzeko arriskua ekiditen dugu; izan ere, tximista-ekaitza gainean izango genuen eta ura eta harriak erortzeko arriskua egongo zen, besteak beste.
Desabantailak: ez daukagu zakurik, ez daukagu esterarik, ez daukagu behar bezain beste arropa gau on bat pasatzeko, ez daukagu ia urik, txokolate-ontza batzuk, bi gel energetiko eta Red Bull shot bat baino ez ditugu… Mendian une zail batean erabaki on bat hartzea dagoen gauzarik zailenetako bat da, azken finean ondorio batzuk ala beste batzuk jasan behar baitira beti. Ia inoiz ez da aukera bat oso ona eta bestea oso txarra. Beti dago kolore-gama bat haien artean eta onena aukeratu beharra dago, zure erabakien ondorioak jasan beharko dituzula jakinda. Eta guk jasan behar izan genituen: ez genuen minutu batez ere lo egin eta minutu batez ere ez genion utzi gorputz osoarekin dar-dar egiteari. Dena probatu genuen: lehenengo koilaratxoa, gero bata besteari atxikita, gero helduta… Baina alferrik…
Goizeko 4:30ean eguzkia atera zen behingoz eta 5:30ean eskalatzen hasi ginen. Leher eginda geunden, baina pozik alpinismoaren munduan historia gehien duen erlaitzetako batean lo egin genuelako eta tontorrera iristeko eguraldi itzela izan behar genuelako.Cassin-eko bi 6a+ egiten ditugu eta 7a+ direla iruditzen zaigu… Gero ur-jauzi handitik igarotzen gara eta ura hartzeko aprobetxatzen dugu. Gure bigarren gel energetikoa ere hartzen dugu. Lehenengoa gosaltzeko hartu genuen, txokolate-ontzak afaltzeko, ura 05:30ean bukatu zen… Oso nekatuta gaude, baina goraka goaz. Shot-a goizeko 08:30ean hartzen dugu. Gure azken baliabidea da… Azkenik, goizeko 9etan tontorrera iristen gara eta pozik besarkatzen gara. Italiar batzuk ibilbide normaletik eskalatzen datoz eta horri esker beherako bidea aurkitzen dugu. Jaitsiera ez da erosoa: eskalatzeko oinetakoak daramatzagu, elurra dago eta oso nekatuta gaude… Goizeko 11etan aparkalekura iristen gara, justu José eta Unai bide normalerantz abiatzekoak zirenean gure bila joateko. Oso pozik gaude, oso gutxik egin dezaketen ibilbide bat gainditzea lortu baitugu.

PANAROMA